XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

7. DATU-EGITURAK

Bigarren kapituluan aztertutakoaren arabera, karaktereak, zenbaki osoak eta zenbaki errealak dira C-ren oinarrizko datuak.

Horiez gain, C programak idaztean, ondoko datu-motak erabil daitezke: aurreko kapituluan aztertutako taulak eta erakusleak, egiturak, bildurak, bit-eremuak eta enumeratuak.

Bestetik, goi-mailako PASCAL bezalako lengoaietan datu-mota berriak defini daitezkeen bitartean, C-k ez du horrelakorik onartzen, typedef espresioaren bidez datu-moten sinonimoak defini badaitezke ere.

Beraz, kapitulu honetan aipatutako datu-mota zein sinonimoen definizioa eta erabilpena azalduko dugu.

7.1. EGITURAK

Tauletan datu guztiak mota berekoak diren bitartean, egitura edo erregistroan datu-multzo bat dago, baina ez dute mota berekoak izan behar.

Egitura osatzen duten datuak edo eremuak unitate edo elementu bati dagozkio, diskoan gordetzen den datu-mota arruntena izanik.

Liburutegiaren fitxategian adibidez, liburu bakoitzeko erregistro (edo egitura) bat dago, bertan kodea, izenburua, idazlea, orri-kopurua, etab. (mota desberdineko datuak) kokatzen direlarik.

Taulekin konparatuz, datu bat egituran zehazteko indize bat erabiltzea ezinezkoa denez, datu edo eremu bakoitzari izen bat egokitzen zaio, eta horrela datu bat identifikatzeko egitura eta eremuaren izenak zehaztu beharko dira.